2030 Agenda
Nazio Batuetako estatu kide guztiek 2015ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak ekonomia, gizartea eta ingurumena modu jasangarrian hobetzeko programa bat eskaintzen du. Funtsean, Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) ekintzarako dei unibertsala dira, pobreziari amaiera emateko, planeta babesteko eta mundu osoko pertsona guztiek bakeaz eta oparotasunaz gozatzeko aukera izan dezaten bermatzeko.
Helburuen oinarrian munduko adierazle-marko bat da, jarraipena egin eta aurrerapenei buruzko informazioa ematea ahalbidetzen duena. Gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-gai ugari biltzen dituzte, besteak beste, pobrezia, gosea, osasuna, hezkuntza, gizarte-berdintasuna, berrikuntza, klima-aldaketa, biodibertsitatea eta justizia, ahulenen ikuspegitik eta inor atzean ez uzteko konpromisoarekin. Era berean, gobernuei eskatzen zaie inplementazio planak garatzeko, GJHak lortzeko beraien testuinguru eta lehentasun espezifikoei heltzen dieten adierazleak ere barnera ditzaketenak.
Euskadin, Eusko Jaurlaritzak, hasiera-hasieratik, Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030 Agendaren jomugak lortzera bideratu ditu bere ahaleginak eta proiektuak. Hala, Lehendakaritzak gidatzen ditu euskal erakundeek 2030 Agendari eta Garapen Jasangarrirako Helburuei dagokienez egiten dituzten jarduerak.
Euskal Autonomia Erkidegoan GJHetarako aurrerapena monitorizatzeko, Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak Nazio Batuen munduko adierazle-markoko adierazleen plataforma garatu du Euskal Autonomia Erkidego osorako eta bere lurraldeetarako. Adierazleen zati handi bat autonomia-erkidegoetako estatistika organo zentral guztiekin bateratutako metodologia baten bidez definitu da, eta, horrela, adierazle horiek erkidego mailan zuzenean alderatzeko aukera bermatzen da (Autonomia erkidegoetako estatistika organo zentralen akordioa (pdf, 14Kb)). Era berean, barneratu egin dira, zuzenean Nazio Batuen adierazleen artean edo erlazionatutako adierazle gisa, Europar Batasuneko Garapen Jasangarrirako adierazleak eta Euskal Autonomia Erkidegoko berezko adierazleak, Lehendakaritzaren helburuen jarraipena egiteko Euskadiko 2030 Agenda Foroarekin landutakoak.
Adierazleen markoa etengabe hazten ari da, bai kopuruan, bai desagregazio-mailan, Eustaten helburu argi bati jarraituz: kalitatezko informazioa eskaintzea, integratua eta konparagarria, bai denborari dagokionez, bai espazioari dagokionez, eta gure gizartearen monitorizazio-premietara egokituta.